Taldearen historiala

“Minbiziaren Epigenetika: Kromatinaren eta DNAren metilazioaren alterazioak” laborategiak 2001eko urtarrilaren 1ean ekin zion lanari Manel Esteller Doktorearen zuzendaritzapean, Onkologia-Ikerketen Zentro Nazionaleko (CNIO) Patologia Molekularraren Programaren barruan. Talde honetan giza-tumoreetan ageri diren alterazio epigenetikoak ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen dira, bai translazioari dagokionean (metilazio-ereduen eta kromatina aberrantearen zehaztapena giza-minbiziaren testuinguru genotipikoan, eta bere erabilera posiblea screening molekularrean eta konposatu kimikoen bidez lehengoratzean), baita oinarrizko ezaugarriei dagokienean ere (giza-minbizietan ageri ohi diren metilazioaren eta kromatina anomaloaren oinarri molekularrak).

Esteller Doktoreak bularreko minbiziaren eta minbizi ginekologikoaren genetika molekularrari buruzko Doktore-Tesia egin zuen Bartzelonako Vall d'Hebron Ospitalean, 1995ean Saint Andrews-eko Unibertsitateko (Erresuma Batua) School of Biological and Medical Sciences-ean ikertzaile-gonbidatu gisa lan egin zuelarik. Bere lana BRCA1, p53 eta ATM geneetan mutazio germinalak zituzten familiak aztertzea izan zen. 1997ko urtarrilean, Baltimore-ko (EEBB) Johns Hopkins University and Medical Institutions erakundearen Onkologia-Zentroan hasi zen doktoratu-ondorengo ikertzaile moduan, minbizian gertatzen den metilazio aberrantearen ikerkuntzan aintzindari ziren Steve Baylin eta James G. Herman doktoreek zuzenduriko laborategian. 1999ko urritik CNIOra etorri bitartean, Esteller Doktorea Research Associate postuan aritu zen laborategi honetan. Epe honetan, Esteller Doktoreak 46 artikulo eta 5 errebisio argitaratu ditu zientzia eta medikuntzako ospe handiko aldizkarietan (New England Journal of Medicine, Nature, Journal of The National Cancer Institute, Cancer Research, Oncogene, Genes, Chromosomes and Cancer, Clinical Cancer Research, American Journal of Pathology, Journal of Clinical Oncology, Human Molecular Genetics, eta abar). Bere ikerkuntza-lanaren ondorioz honako sariak jaso ditu besteak beste: American Association for Cancer Research erakundearen Ikertzaile Gazteen Saria 1999 eta 2001 urteetan, eta European Association for Cancer Research erakundearena 2000ean. Halaber, bere ikerkuntza-karreran zehar, hainbat doktoratu aurreko nahiz ondorengo ikertzaile eta bekadunen tutore izan da.

Gaur egun, taldeak ikerkuntzan eta irakaskuntzan esperientzia handia duten bi ikertzaile finko ditu, Esteban Ballestar eta Michel Herranz Doktoreak. Ballestar Doktorea ikerkuntzan eta irakaskuntzan aritua da Valentziako Unibertsitatean eta Bethesda-ko (EEBB) Institutes of Health-en. Bestalde, Herranz Doktoreak Madrileko Unibertsitate Autonomoan egin zuen bere Doktore-Tesia, aldi berean irakaskuntzan lagunduz, eta ondoren New York-eko (EEBB) University of Columbia-n jarraitu zuen ikerkuntzan, CNIOra etorri artean.

Minbiziaren Epigenetika taldean 5 doktoratu-ondorengo ikertzaile daude: Mario Fernandez Fraga, Jesús Espada , Rubén Agrelo, Santiago Ropero eta Manuel Boix Doktoreak. Doktoratu-ondorengo ikertzaile bakoitzaren prestakuntza anitzak diziplina ugari biltzen dituen proiektuen garapena ahalbidetzen du (halanola Patologia Molekularra, Biologia Molekularra, Biokimika eta Biologia Zelularra), eta gainera giro ezin egokiagoa eskaintzen du proiektuak lortzeko eta doktoratu-aurreko bekadunen formaziorako.

Minbiziaren Epigenetika taldean 5 doktoratu-aurreko bekadun daude: Ana Villar Garea, Lidia López Serra, Rocio González, Filipe Jacinto eta Paz Quesada . Taldearen ibilbidearen hiru urte hauetan, doktoradutza-kurtsoak amaitu dituzte eta DEA (ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma) eskuratu dute. Gainera, nazioarteko kongresoetan parte hartu dute eta bere Doktore-Tesiaren lanaren zatiak argitaratu dituzte izen handiko aldizkari zientifikoetan. Emaitza bikain hauek epigenetika taldearen formaziorako gaitasunaren berme dira.


webpage designed by
neloboix